KILKER BAT AUTOPISTAN: LIBURU IRUZKINA

Pozez irakurri nion Atxagari, abendu garaiko elkarrizketa batean, “Etxeak eta hilobiak” izango dela bere azken nobela. Izan ere, nekatuta nengoen bere maratoiak irakurtzeaz; min ere ematen zidan, 1500 metroko karreretarako jaio zela pentsatzen duenetarikoa bainaiz. Zalantzarik gabe: distantzia motzean irabazten du Atxagak. Nobelagile onik, bada ugari; aldiz, bere ipuinen distira edota hausnarketak balio erantsiaz plazaratzeko duen abilezia, ez du askok. Are gutxiago, inguru hauetan. Atxagak aitortu zuenean, beraz, datozen urteak arnas laburragoko lanei emana igarotzeko asmoa duela, bozkarioz gain egin zidan bihotzak: finki eta duda gabe sinesten baitut, ipuin eta nouvelle-aren artean dauden bere lanek ekarri dutela euskara goren gradura, horiek eman diotela euskarari behar duyen thornuya.

„Kilker bat autopistan“-en gogoeta eta laburtasuna aurkituko ditu irakurleak. Artikulu-bilduma horrek Euskadi Irratiko Faktoria saioan hiru urtetan irakurritako kolaborazioak biltzen ditu. Hiru zati ditu: lehenengoan, urteko sasoiari lotutako gaiak lantzen ditu, aktualitateari helduz gehienetan; bigarrenean, zerura jotzen du Atxagak, bertako biztanleekin hitz egitera; azkenengoan, lagunarteko solasaldietatik ateratako gaiak plazaratzen ditu, entzuleari ere keinu eginez, polemikatxoa sortu nahian.

Sarrionandiak hitzaurrean aipatzen duen bezala, "erakustaldiak" dira. Niri gehien gustatu zaizkidanak lehenengo ataleko artikuluak dira: aktualitateko edozein gai hartu eta irratiko 10 minutu hutsetan nola zukutzen duen irakurtzea plazer hutsa izan da. Biziki estonatzen nau ideien arteko loturak nola egiten dituen, edota askok pentsatzen dutena zein fin eta dotore adierazteko trebezia duen. Kapaz da Hernioko zintei buruzko artikulu labur bat Xabier Kintanaren hiztegiarekin, Txirritaren bertsoekin, Atilarekin eta Atatürk-ekin lotu eta ongi borobiltzeko. Irakurle arretatsuari ere bidean zenbat erreferentzia uzten dizkion, ez da sinestekoa!

Ekin irakurketari!




Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

"Schnee", von Robert Walser